XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denbora haietan ere, elizari josia den Herria astekaria kaleratzen hasi zen, ia osoki euskaraz (gaur egun artikulu batzuk noiztenka frantsesez agertzen ditu). Hainbat itxura berrituarekin kaleratzen da gaur Herria, herrietako informazio asko hedatuz.

1993. urtean, La Semaine du Pays Basque jaio da; euskarak oso toki murritza dauka astekari honetan.

Prentsa politiko bat ere badago (Enbata, Ekaitza bereziki), euskara oso guti erabiltzen duena.

Garai berean, haur prentsa arloan, osoki euskaraz publikatuko den Xirrixta hilabetekaria plazaratuko da (4-8 urtekoentzat) eta, 1996ko urtean, Kometa bihilabetekaria (8-11 urtekoentzat).

Nahiz Euskal Herri osoko haurrei zuzenduak izan, arazo ekonomikoek gaina harturik, bi aldizkari horien agerpena gelditua izan da 1998. urtearen hasieran.

Euskarazko irratigintzaren munduan, errealitate aipagarri bat osatzen dute Ipar Euskal Herriko irrati euskaldunek.

Frantzia Estatuan, irratigintza librearen lege berria atera bezain laster, 1980ko hamarkadaren hasieran sortu ziren Gure Irratia (Lapurdin: Baionan), Irulegi Irratia (Baxe-Nafarroan: Donibane Garazin) eta Xiberoko Botza (Xiberoan: Maulen).

Gure Irratiak euskaraz soilik emititzen du (berrikitan gaskoinez egiten den emankizun bat zabaltzen hasi da, beste bi irratiek frantsesari leku zerbait uzten diotelarik).

Lantalde txikiko egiturak dira, elkarte-irratiak moduan antolatuak.

Hamabost urtez gora-behera asko ezaguturik, bizirik diraute eta berrikitan elkarlan prozesu baikor batean sartuak dira, astero 7 orduko programa komuna bideratuz eta albistegi gehienak elkarren artean landuz (lan bildu horren kudeatzeko, Euskal Irratiak deitu batasun bat eraiki dute).

Euskadi Irratia ere entzuten da Iparraldeko gune batzuetan, bereziki kostaldean (Hegoaldeko irrati publikoak egitura gutien bat finkatua du Iparraldean).

Radio France Pays Basque aipatu behar dugu ere, Frantziako Radio France irrati publikoaren adarra delarik Ipar Euskal Herrian. Honek egunero ordu bat eskas emititzen du euskaraz, astelehenetik ostiralera.

Ipar Euskal Herriko telebista munduak zerbait aldaketa ezagutuko du 1993. urtetik aurrera.